Méridako Biltzar Jauregian egin da Paziente Kronikoaren Osasun Arretari buruzko XI. Biltzar Nazionala, martxoaren 7an eta 8an.

«Ampliando horizontes» goiburupean, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako profesionalak eta kudeatzaileak eta pazienteak elkartu ditu Biltzarrak, gaixotasun kronikoen etorkizunari buruz hitz egiteko. Kalkuluen arabera, gaur egun biztanleen % 3-4 patologia anitzeko gaixoak dira; hau da, aldi berean gaixotasun kroniko bat baino gehiago dituzte.

Horrez gain, beste gai batzuk ere aztertu dira XI. Biltzarrean; besteak beste, komunikatzeko modu berriak, e-osasuna, zainketa-plan integralak prestatzeko lanak eta terapien egokitzapena. Aldi berean, Paziente Aktiboaren gaineko VI. Biltzar Nazionala antolatu da auditorioan, herritar, gizarte-zerbitzu eta osasun-langileentzat.

Kasu klinikoak eta ikerketa-proiektuak aurkezteko tartean, Kronikgunek ACT@Scale, Scirocco, Chrodis-Plus eta C3-Cloud proiektu europarrak aurkeztu ditu. Osakidetzak ere hartzen du parte kronikotasuna aztertzeko ildo estrategiko nagusiekin erlazionatutako proiektu horietan.

Ahoz eta poster baten bidez, ACT@Scale proiektuan gaixotasun anitzeko gaixoei eskainitako arreta-bide integrala nola ezarri eta zabalduko den azaldu da. Duela gutxi amaitu da azterketa, eta erakunde hauek hartu dute parte: 12 Erakunde Sanitario Integratu (ESI), Integrazio Asistentziala eta Kronizitate Zerbitzua (SIAC), Gorlizeko Ospitaleko Zuzendaritza nagusia, Santa Marina Ospitalea eta Osakidetzako Osasun Aholkua. Besteak beste, berriro definitu dira gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta-bide integrala eta gaixo eta zaintzaileen ahalduntzea. Aurreikuspenen arabera, bide hori Osakidetzako erakunde guztietara zabalduko da datozen hilabeteetan.

Scirocco proiektuari dagokionez, Scirocco tresna aurkeztu da, zeinak arreta integratua ezartzeko osasun-sistemak zer heldutasun-maila duen aztertzen baitu. 2018ko urrian amaitu zen proiektua, eta arreta integratuko jardunbide egokiak zabaltzea eta Europako hainbat eskualdetara transferitzea izan du helburu gisa. Tresna hori findu egingo da duela gutxi martxan jarri den Scirocco Exchange proiektu berrian.

Kronikgunek Chrodis Plus Baterako Ekintzaren barruan garatutako Inplementazio Estrategia ere azaldu du. Gida horrek proiektuaren eskualde pilotuetan esku-hartzeak barneratzeko, ezartzeko eta mantentzeko metodoak eta teknikak biltzen ditu.

Amaitzeko, C3-Cloud proiektua ere aurkeztu da. Haren bidez, arreta pertsonalizatuko planak eskaini nahi zaizkie gaixotasun anitzeko gaixoei, IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) oinarritzat hartuta. Aurkezpenari esker, esku-hartzean erabiliko diren bi plataforma digitalak ezagutarazi dira. Plataforma horien bidez, profesionalek, gaixo edo zaintzaileekin batera, banakako arreta-planak gara ditzakete.

Kongresuko hitzaldi eta jakinarazpen guztiak deskargatu nahi baldin badituzu, sakatu hemen: http://www.congresocronicos.org/