Ekainaren 6an eta 7an, Young50 proiektuaren hasierako bilera egin da. 

Gaixotasun kardiobaskularrak Europar Batasuneko heriotza-kausa nagusietako bat dira, eta urtean 1,8 milioi heriotza baino gehiago eragiten dituzte, baita bizitza-urte potentzialen galera handia ere. Ebidentzia zientifikoak indartu egin du esku-hartze prebentiboen garrantzia gaixotasun kardiobaskularren agerpena prebenitzeko edo atzeratzeko, bizitzeko era osasungarriei jarraituta; bereziki, dieta egokia izatea, jarduera fisiko erregularrak egitea eta tabakismoa desagerraraztea.

YOUNG50 Europako Batzordeak finantzatutako proiektu bat da, Hirugarren Osasun Programaren barruan. Italiako Azienda ULSS 6 Euganeak koordinatzen du, eta beste bost bazkide ditu: Azienda ULSS 4 Veneto Orientale (Italia), Ministere de la Sante (Luxenburgo), Viestoji Istaiga Centro Poliklinika (Lituania), Asociata Aer pur Romania (Errumania) eta Kronikgune (Euskadi). Ikerketak 36 hilabete iraungo du. Italian ezarritako CARDIO50 jardunbide egokia Lituaniara, Errumaniara eta Luxenburgora zabaldu nahi du.

CARDIO50 jardunbideak 50 urtekoen arrisku kardiobaskularra kalkulatzen du. Bizitzeko era desegoki bat duten pertsonak identifikatu nahi dira, eta hipertentsioko, hipergluzemiako eta hiperkolesterolemiako kasu berriak detektatu. Asistentzia-eredu integratu bat aktibatu nahi du, osasuntsu dauden pertsonengan arrisku-faktoreak aldatzen edo txikitzen laguntzeko eta osasuntsu ez dauden pertsonengan bizitzeko era aldatzera bultzatuko duten esku-hartzeak sustatzeko. Gainera, oro har biztanleek gaixotasun kardiobaskularren arriskuei buruz zer dakiten eta haiek nola ikusten dituzten indartu nahi du.

Lehen bilera honetan, lan-sorta bakoitzaren lan-metodologia berrikusi da, eta CARDIO50 jardunbide egokia aurkeztu. Era berean, alderdi epidemiologikoari erreparatuta lurralde bakoitza egun zer egoeratan dagoen azaldu da, baita zer jarduera garatzen ari diren ere osasun kardiobaskularra sustatzeko eta halako arriskuak prebenitzeko. Azkenik, lehenengo topaketa honi esker, jardunbidea Lituanian, Errumanian eta Luxenburgon ezarri ondoren zer emaitza espero diren ere aztertu da.

Kronikgune «Egoeraren analisia, bideragarritasunaren eta beharren ebaluazioa, eta ezarpenerako ekintza-planen definizioa» lan-sortaren arduraduna da. Hasierako bileran, tailer bat antolatu du jardunbide berritzailea ezarriko duten lurraldeekin batera. Bertan, CARDIO50 jardunbidearen ezaugarri nagusiak aztertu eta zehazteaz gain, lurraldeetako bakoitzak gaixotasun kardiobaskularren prebentzioarekin erlazionatutako tokiko programen ezaugarriak aztertu ere egin ditu. Tailerrean, halaber, jardunbide egokia ezartzeko alderdirik garrantzitsuenak adostu dira, baita egoeraren analisiari, tokiko prebentzio-programei eta lurralde bakoitzean ezartzeko ekintza-planei dagokienez zer urrats egin behar diren zehaztu ere.

Prebentzio-programen arteko sinergia lortzea eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa CARDIO50 jardunbide egokia izango duten lurraldeetako edo nazioetako osasun-planetan txertatzea espero da. Ildo eta plan estrategikoak prestatzeko gomendioak eta jarraibideak eskainiko dira.