Irailaren 7tik 11ra egin da kongresuaren edizio berria, online eta aurrez aurreko bi modalitatetan, Donostiako Miramar Jauregian egokitutako aretoan, edukiera mugatuarekin.


EHUk eta Osakidetzak antolatutako “Salud Digital: en tiempos de Covid” biltzarraren edizio berria COVID-19k markatutako agertoki batean kokatu da. Eraldaketa digitala izan da gai nagusia, herritarrei arreta hobea, seguruagoa eta eraginkorragoa emateko COVID garaian. Halaber, eztabaidatu da osasun-krisiak nola behartu duen pertsonen arretaren paradigma aldatzera eta osasun digitala premiatzat hartzera. Bertaratutakoen artean nabarmendu da zein garrantzitsua den norabide berean lan egitea, asistentziaren kalitatea, pazientearen esperientzia eta osasun-sistemaren iraunkortasuna hobetzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Biltzarrean parte hartu dute ikertzaileek, enpresek, osasun-erakundeetako profesionalek eta kudeatzaileek, pazienteen eta herritarren elkarteek, eta ikuspegi zabalagoa eman dute gehiago ikasteko eta lankidetza-sare berriak ezartzeko.

Kronikgunek ADLIFE eta C3-Cloud Europako bi proiektu aurkezteko aukera izan du.

Kronikgunek Europa mailan koordinatutako ADLIFE proiektua (https://adlifeproject.com/) 2020 honetan hasi da. Proiektuaren helburua da gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten pazienteei arreta pertsonalizatua eta koordinatua ematea, arreta-plan pertsonalizatuen bidez. ADLIFEk konponbide berritzaile bat garatu nahi du, arreta-planak pertsonalizatzea erraztuko duena eta pazienteen beharrizan eta lehentasun aldakorretara egokitzeko eta haiei garaiz erantzuteko gaitasuna hobetuko duena. Europako H2020, C3-Cloud eta Power2DM proiektuetan garatutako soluzio digital pertsonalizatuak eta laguntzakoak erabiliko ditu azterlanak, Europako hainbat herrialdetako benetako osasun-sistemetan baliozkotu direnak, besteak beste, Osakidetzan. Ikerketa Europako zazpi osasun-sistematan pilotatuko da, tartean Osakidetzan, eta 500 osasun-profesionalek baino gehiagok, 800 pazientek eta 1.200 zaintzailek parte hartzea espero da.

Kronikgunek C3-Cloud (http://c3-cloud.eu) proiektu europarraren barruan Euskadin egindako pilotajea ere azaldu du. Proiektu berritzaile honek arreta integratuko eredu bat proposatzen du, eta gaixotasun kroniko ugari dituzten pertsonen arreta hobetzea, ebidentzian oinarritutako eta IKT tresnetan oinarritutako arreta-plan pertsonalizatuen bidez. Esku-hartzean lortutako emaitzak eta C3-Cloud sistemen eta Osakidetzako informazio-sistemen artean lortutako elkarreragingarritasuna azaldu ditu, alderdi teknikoei (informazioa trukatzeko protokoloa), egiturei (formatuen itzulpena), semantikoei (kontzeptuen eta kodeen arteko korrelazio-mapa) eta pribatutasunari eta segurtasunari dagokienez. Proiektuan garatutako bi plataformak erakutsi dira: pazientearen historia kliniko elektronikoan integratutako eta diziplina anitzeko talde batek kudeatutako C3DP plataforma, eta pazientearen eta haren zaintzaileen parte-hartzea errazten duen Pazientea ahalduntzeko plataforma, osasun-karpetatik sartzen dena. Proiektuaren ebaluazioak C3-Cloud sistemaren potentziala eta paziente pluripatologikoen arreta hobetzeko sistema erabilgarri eta ahaltsua izateko gaitasuna erakusten ditu.

Ezagutu kongresu honetan gertatutako guztia esteka honetan klik eginez: https://ehealthdonostia.com/