Azaroaren 3tik 5era bitartean, JADECARE Ekintza Bateratua hasteko bilera telematikoki egin da. María Aguirrek, Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak, ongietorria eman zien ekitaldira bertaratu zirenei, Pilar Aparicio Osasun Ministerioko Osasun Publikoko zuzendari nagusiarekin eta Donata Meroni CHAFEAko Osasun eta Elikagaien Segurtasuneko Unitateko buruarekin batera. Ekitaldian Osasun Ministerioetako eta Europako erakundeetako 190 ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute, baita CHAFEA Agentziako eta Europako Batzordeko DGSANTEko ordezkariek ere.

JADECARE ekintza bateratuak, Europar Batasuneko Hirugarren Osasun Programak (2014-2020) finantzatutakoak, hiru urteko iraupena izango du, eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuak koordinatuko du Europan eta Estatuan. Estatu kideen eta Europako Batzordearen artean batera finantzatutako ekintza bateratuen helburua EBko estatu kideen arteko lankidetza bultzatzea da.

Proiektu honetan Europako 17 herrialdetako 48 erakundek parte hartzen dute. 2019an, Osasun Ministerioak Kronikgune Institutua izendatu zuen Espainiako Ekintza Bateratuaren erakunde onuradun eta sinatzaile bakarra izateko. Kronikgune Instituturako afiliatutako erakundeak honako hauek dira: Kataluniako AQuAS eta IDIBAPS, Andaluziako Juntako Osasun eta Familia Saila (CSFJA), Gaztela eta Leongo Osasuneko Eskualde Gerentzia (SACYL), Kantabriako Osasun Zerbitzua (SCS) eta Murtziako Osasun Zerbitzua.

JADECAREk pertsonarengan zentratutako arreta integralaren ezarpena lantzen du, soluzio digitalen bidez. Ekintza bateratuan lau jardunbide egoki transferitu nahi ditu, Europako 23 osasun-testuingurutara. Estatu kideek 2019ko otsailean egindako “steering Group on Promotion and Prevention” saioan hautatu zituzten lau praktikak, Europako Batzordeak 2018ko abenduan Ispran (Italia) antolatutako “Marketplace on integrated health care” jardunaldian aurkeztu ondoren. “Zahartzearen eta Kronikotasunaren arloko euskal osasun-estrategia: arreta integratua” izeneko Euskadiko Jardunbide Egokiak beste osasun-testuinguru batzuk transferituko ditu, honako praktika hauekin batera: “Kataluniako berrikuntza irekiko zentroa, paziente kronikoentzako IKTek lagundutako arreta integratuko zerbitzuei buruzkoa”, Alemaniako “OptiMedis – Biztanlerian oinarritutako arreta integratua” eredua, eta, azkenik, DAnimarkako Hegoaldeko Eskualdeko “osasun-arreta integratuko sektore bateraturako ibilbide-orri digitala”.

Lau praktika horiek transferituz, JADECAREk proposatzen du osasun-agintariek osasun-sistemaren eraldaketaren alderdi garrantzitsu guztiei arrakastaz heltzeko duten gaitasuna indartzea, digitalki gaitutako, integratutako eta pertsonarengan zentratutako arreta baterantz.

Euskadiko jardunbide egokiak, “Zahartzearen eta Kronikotasunaren arloko euskal osasun-estrategia” izenekoak, azken hamar urteetan zahartzeari eta kronikotasunari aurre egiteko ezarritako osasun-estrategia espezifikoak aurkezten ditu. Euskadik arreta integratua ezarri du sisteman, ESIen Erakunde Sanitario Integratuak sortuz. Gainera, sistemak arretaren biztanleria-oinarriko ikuspegia ematen lan egin du, prebentziozko esku-hartzeen bidez, baina baita arriskuen estratifikazioaren eta gure herritarren beharretan oinarritutako arreta-planen bidez ere. Azkenik, Osakidetzak arreta ematen jarraitzeari eta pazientearen ahalduntzeari eta autokudeaketari garrantzi berezia ematen die. Euskadiko eOsasun Estrategiak azken urteotan abian jarritako tresna eta plataforma digital ugari biltzen ditu. Horren adibide dira historia kliniko elektroniko bateratua, E-rezeta, Osasun Karpetak, paziente espezifikoentzako telemedikuntza, Osasun Kontseilua, Osasun Eskola edo herritarrentzat eskuragarri dauden aplikazioak.