Bilera azaroaren 14an eta 15ean egin da, Milanen (Italia).

Minbizia Europako Batzordearen jarduera-eremuetako eta osasun-lehentasunetako bat da, EBko herrialdeetan heriotza-kausa nagusia baita, gaixotasun kardiobaskularren ondoren. Urtero 2,6 milioi pertsonari diagnostikatzen zaie gaixotasun hori, eta beste 1,2 milioi pertsona hiltzen dira. Europako Batzordeak zazpi ezagutza-sare sortzearen aldeko apustua egiten du. Ezagutza-sare horiek minbiziaren zaintzan funtsezkoak diren arloak beteko dituzte, eta eremu espezifiko bakoitzean Europan dauden ebidentziarik eta ezagutzarik onenak eta eskura dauden baliabideak bilduko dituzte, Minbiziaren Sare Nazionalak eta Zentro Integralak babesteko.

JANE, zeinaren siglek Joint Action on Network of Expertise esan nahi duten, HADEAk (European Health and Digital Executive Agency) finantzatzen du. Milango Fondazione Istituto Nazionale Dei Tumorik koordinatutako ekintza bateratu hau 2022ko urriaren 1ean hasi da eta 24 hilabeteko iraupena izango du. Minbiziei eta minbiziaren afekzioei buruzko Europako ezagutza-sare berri bat da, Europako estatu kideen artean onkologiako ezagutza sortzea eta partekatzea bilatzen duena.

Kronikgunek Euskadi ordezkatzen du, eta agintaritza onuradun eta sinatzaile bakarra da estatu mailan. Kronikgunera afiliatutako erakundeak honako hauek dira: Andaluziako Juntako Osasun eta Familia Kontseilaritza (CSFJA), Kataluniako Onkologia Plan Zuzentzailea/Kataluniako Onkologia Institutua (PDO/ICO), Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa Partzuergoa (CIBER) eta Marqués de Valdecilla Ikerketa Institutua/Kantabriako Osasun Zerbitzua Fundazioa (IDIVAL/SCS). Euskadik Ekintza Bateratuan parte hartzeak berekin ekarriko du Europako erakunde eta entitateekin partekatzea Osakidetzak eremu horretan lortutako esperientzia eta ezagutza, tratamendu eta jarraipen onkologikoarekin lotutako jarduerari dagokionez.