Izena: Erreferentziako lekuak edo Reference Site-ak

Deskribapena: 

Erreferentziako Lekuak edo Reference Site-ak (RSS, ingelesezko sigletan), zahartze aktibo eta osasuntsurako jardunbide berritzaileak garatu, hartu eta eskala jakin batean egokitzeko ikuspegi osoa eta berritzailea ezartzen duten eskualdeak, hiriak, erakundeak edo ospitaleak dira. Europako Batzordearen Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren arloko Berrikuntzarako Europako Elkarteak (EIP-AHA) emandako saria da.

Europako Batzordeko ekimen pilotua da EIP-AHA eta 2020. urterako bizi-itxaropen osasuntsua bi urte luzatzea du helburu nagusi horrek. Halaber, Elkarteak osasuna eta bizi-kalitatea, osasun-sistemen iraunkortasuna eta europar lehiakortasuna hobetu nahi ditu.

Praktika Onak ezarri edo garatu diren arloetan duten eraginaren ebidentzia sendoak eman behar dituzte RSSek, eta horiek ebaluatzeko adierazle indartsuak erabili. Halaber, horiek, Europako beste eskualde batzuei Praktika Onen adibide baliagarri gerta dakizkiekeen arreta-ereduaren edo osasun sistemaren osagai berritzaileak azaldu behar dituzte.

Reference Sites-ek, interesa agertzen duten beste eskualde batzuetan, beren Praktika Onak hedatzen eta errepikatzen buru-belarri arituko direla hitzematen dute.

Euskadiren hautagaitza

2016ko edizioan, Euskadik Reference Site izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Proposamenak –Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila buru duena– bazkide-koalizio bat elkartzen du; bazkideen artean erakunde hauek daude: Eusko Jaurlaritza bera (Osasun Saila eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila), Bizkaiko Foru Aldundia, Osakidetza, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Matia Fundazioa, TECNALIA, IK4 eta Mondragón Korporazioa, eta Kronikgune, euskal proposamenaren koordinatzaile gisa.

Europako 74 erakundek aurkeztu zituzten euren eskakizunak.

Eskualdeak, erakundeak eta euren Praktika onak autoebaluazio baten eta parekoen azterketa baten bidez lortutako emaitzen arabera kalifikatu eta sailkatu ziren. Euskadi da lau izarrak –kalifikaziorik altuena– lortu dituzten zortzi Reference Site-etako bat. Saria Bruselan eman zen, 2016ko abenduaren hasieran, zeremonia ofizial batean, hain zuzen ere, “European Summit on Innovation for Active and Healthy Ageing” foroaren barruan.

Kronikotasunaren, zahartzaren eta mendekotasunaren erronkari aurre egiteko, Euskadik ikuspegi orokorra hedatu du, zeinean alderdi interesdun guztiek zeregin esanguratsua duten. Euskal arreta-ereduak alderdi hauek ditu oinarri: osasunaren prebentzioa eta sustapena, pazienteen ahalduntzea eta tratamenduarekiko atxikidura eta osasunaren arreta integratu hobea lortzeko laguntza. Pazientea xede duen arreta hobetzea da euskal osasun-ereduaren helburua, hain zuzen, ekintza hauen bitartez: zerbitzu-mailen arteko arretaren koordinazioa eta zainketaren jarraitutasuna hobetzen eta arreta pazienteen beharretara egokitzen.

Euskadik esparru bat sortu du sektoreen artean ezagutza berritzaileak transferitzeko. Izan ere, iraunkortasunari aurre egiteko eta osasun-arretan berritasuna sustatzeko eta osasunarekin loturiko arlo teknologikoak –garatzeko gaitasun handiagoa duten horietan- eta, merkatu berriak sortuz, ekonomia eta enplegua hazteko aukerak sustatzeko lan egiten ari da. Aurkeztutako agiriak, Eusko Jaurlaritzak zahartze, kronikotasun eta mendekotasunaren erronkaz duen ikuspegi estrategikoa biltzen du (2013-2020 Osasun Plana, 2015-2020 aldirako Zahartzarorako Euskal Estrategia, Osasun Sailaren ildo estrategikoak eta Agenda Digitala, besteak beste), eta ikuspegi horrek laguntza esplizitua eta lidergo banatua eman ditu eta gaitasunak sortu ditu erakundeetan Euskadiko osasun-sistema eta gizarte-laguntza aldatzeko. Halaber, europar konpromisoa islatzen du, hainbat sektoretan askotariko proiektuetan eta lankidetzako europar sareetan parte hartzen.

EIP-AHAn islatutako europar estrategiaren euskarri guztiak barne hartzen dituzte jarduerek. Euskadin garatu diren estrategia orokorren ebaluazioa ez ezik, hiru Praktika On hauek ere aurkeztu dira:

 

 1. praktika ona: Arreta Integratuko Estrategia

Arreta integratua funtsezko alderdia da euskal osasun-estrategiarentzat eta hori hainbat urtez lantzen ari da. Izan ere, 2013an aurkeztu zen praktika on bezala eta hiru izar lortu zituen. Harrezkeroztik, Euskadik norabide horretan buru-belarri lan egiten jarraitu du, baita arreta integratua garatzen eta bilakatzen ere, Euskadiko gaixoen eta herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuz, eta horretarako, prebentzioko esku-hartzeak garatu ditu, pazienteen ahalduntzea sustatu du eta pazienteen banakako planak garatu ditu.

Pertsonak eta gaixoak xede dituen arreta integratuko eredua sortu du estrategia horrek, osasunean nahiz gizarte-mailan arretaren jarraitutasuna emateko gai dena. Euskadiko gaixoen osasun-beharrak betetzeko egitura, prozesu eta tresna berriak inplementatu dira, eragikortasun, eta efizientzia handiz eta osasun arloko profesionalen eta gizarte-langileen arteko koordinazio-maila handiz.

Hauek dira Praktika On horren funtsezko osagaiak:

  • Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) sortu izana.
  • Komunikazio-sistemen integrazioa.
  • Arriskuen estratifikazio tresnak erabiltzea eta paziente konplexuen beharretan oinarritutako zainketa-planak.
  • Erizaintzako figura berriak sartzea.
  • Koordinazio soziosanitarioa.
  • Gaixoaren ahalduntzea eta norbere zaintzako plana.
  • Esku hartzeko plan integratuak hainbat talderentzat/herritarrentzat.

 

2.praktika ona: Euskadiko e-Salud (eHealth) estrategia

E-Salud estrategia arreta integratuaren oinarri da, Euskadin zahartze, kronikotasun eta mendekotasunari ekitearren. Izan ere, tresna hauek hartzen ditu barne estrategiak:

  • Osarean: osasunaren prebentzioa, jarraipena eta aholkua erdigune dituen pertsonen zainketa ematen duen eredua.
  • Osabide Global: zeinean historia kliniko elektroniko bateratua kokatuta dagoen; gaixoaren gaineko informazio osoa ematen du programak.
  • Osanaia: erizainek ematen duten arretaren kudeaketa errazten du, eta erizaintzako zainketa pertsonalizatuen planak taxutu eta kudeatzeko eta pazienteen beharren arabera aldatzeko bidea ematen du.
  • Presbide: sistema bakarrak ematen duen preskripzio elektronikoko zerbitzua, lehen mailako arretarako nahiz arreta espezializaturako.

 

3. praktika ona: Euskadi Lagunkoia

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimena da Euskadi Lagunkoia, eta Matia Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin abiarazi da. Ekimenaren nahia da adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzea, Euskadiko auzoak eta udalerriak hobetzearren, adinekoentzako inguru atseginak lortzeko, auzo eta udalerrien egiturak eta zerbitzuak berrantolatuz, irisgarriak izan daitezen eta gizabanakoen behar eta gaitasunetara molda daitezen.

Hauek dira ekimen horren helburuak:

  • Adinekoek Euskadiko herri eta hirien bizimoduetan ongizatea sortzeko duten ahalmena aprobetxatzea.
  • Parte-hartze komunitarioko prozesuak sortu eta sustatzea.
  • Euskadin ekimen atseginen sarea sortzea.
  • Inguruetan aldaketak sar daitezen erraztea, herritarren bizi-kalitatea hobetzearren.