Ziurtagiri horren bidez, euskal erakundeek pertsonen beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko koordinatuta eta norabide berean lan egitea saritu da.
Europako Batzordeak kalifikazio gorena eman dio Euskadiri, lau izar, eta Bikaintasun-ziurtagiria, erreferentziako toki gisa (“Reference Site”), ereduzko lana egin duelako zahartze aktibo eta osasuntsuan lurralde-berrikuntza sustatzen, zahartuz doazen biztanleen bizi-kalitatea hobetzen, osasun-zerbitzuak eta gizarte-laguntzakoak hobetzen, eta lurraldeko hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzen. Europako Batzordeak Zahartze Aktibo eta Osasuntsuaren inguruko Arloan Berrikuntzarako Europako Elkartearen bidez (ingelesez, “European Innovation Partnership on Active and Healthy Ageing”; hau da, EIP on AHA) erreferentziako tokiei akreditazioa berritzeko egin duen hirugarren deialdiaren ondoren eman da kalifikazio hori.
Ekimen pilotu bat da EIP on AHA, eta 2020. urterako bizi-itxaropen osasuntsua bi urte luzatzea eta Europako lehiakortasuna hobetzea du helburu nagusi. Elkartearen ustez, Zahartze aktibo eta osasuntsua osasunak eskaintzen dituen aukerak optimizatzeko prozesu bat da. Beraz, osasun-zerbitzuen eta -produktuen inguruko berrikuntza erronka bilakatu da; alegia, ezagutza eta irtenbide eraginkorrak, merkeak eta ebidentzian oinarritutakoak garatu eta sortzearen eta eskaintza eta eskaria hobeto integratzearen aldeko apustua. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Kronikguneren, Osakidetzaren eta bestelako organo eta erakundeen bitartez, EIP on AHA Europako elkartearen kide da 2012az geroztik.
Europako Batzordeak dioenez, Euskadiren moduko erreferentziako tokiek garbi erakusten dute estrategia osoak daudela berrikuntzan aurrera egiteko, zeinak “helize laukoitzeko” eredu batean oinarrituta baitaude. Eredu horretan, eragile industrialak, gizarte zibilekoak eta akademikoak eta gobernu-agintariak sartzen dira, nola lurraldekoak hala tokikoak. Halaber, Batzordearen arabera, Euskadik bikaintasuna erakutsi du jardunbide berritzaileak garatzen, bereganatzen eta zabaltzen, EIP on AHA erakundearen helburu estrategikoekin bat etorriz; jardunbide horiek eredugarriak izan daitezke Europako beste eskualde batzuetarako. Orain erreferentziako tokia denez, Euskadik ikasteko eta ezagutza transferitzeko ingurune bat sortu behar du, eta irtenbide berritzaileak interesatuta dauden Europako beste eskualde batzuetara zabaldu eta aplika daitezen sustatu.
Hirugarren deialdian, guztira Europako 77 erakundek (nola eskualde-mailakoak hala toki-mailakoak) utzi dute agerian estrategia bat eta planak daudela berrikuntza sustatzeko eta gizarte zahartu bati aurre egiteko. Lehen aldiz, lau izar dituzten sei tokik jaso dute “bikaintasunaren sari berezia”: Euskadi, Eskoziako gobernua, Hann izeneko eskualdea (Herbehereak), Danimarkako hegoaldea, Katalunia eta Andaluzia.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila dago Euskadiren buruan erreferentziako toki den heinean. Erreferentziako toki horrek hainbat bazkide biltzen ditu; besteak beste, Eusko Jaurlaritza bera (Osasun Sailaren eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez), Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arabako Foru Aldundia, Osakidetza, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa – BIOEF, Osasun Ikerketa Institutuak (Biodonostia, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba), Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutua, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea, Euskampus, Matia Fundazioa, TECNALIA, IK4, Mondragon korporazioa, SSI taldea, Basque Health Cluster eta Adinberri. Kronikgune euskal proposamenaren koordinatzaile gisa aritu da.