2019ko maiatzaren 9an eta 10ean, Londresen, bildu ziren oraingoan proiektuko bazkide guztiak.

Batzarrean, azken sei hilabeteetako lana aztertu da, datozen hilabeteetako zeregin nagusiak planifikatu, eta Europako Batzordearekin batera proiektuaren bigarren berrikuspen ofiziala prestatu.

C3-Cloud proiektuaren helburu nagusia da gaixotasun anitzeko gaixo konplexuei zuzendutako arreta pertsonalizatuko planak garatzea. Frogetan oinarrituko diren plan horiek IKT erremintak baliatuko dituzte, eta diziplina anitzeko talde batek kudeatuko ditu. C3-Cloud proiektuak arreta integratua eta gaixoaren edota zaintzailearen inplikazioa sustatu nahi ditu. Proiektu pilotua Europako hiru eskualdetan gauzatuko da: Warwickshireko hegoaldea (Erresuma Batua), Euskadi eta Jämtland Härjedaleneko eskualdea (Suedia).

Proiektuak aurten du azken fasea. Fase horretako jarduera nagusiak azterlan pilotua eta ebaluazioa zabaltzea eta gauzatzea izango dira. C3-Cloud sistemak bi plataforma interkonektatu ditu: bata, gaixoentzat; eta bestea, profesionalentzat. Biak probatu eta zabaldu dira hiru eskualde pilotuetako aurreprodukzioko inguruneetan. Prozesu honetako erronka nagusia izan da C3-Cloud proiektuaren eta sistema lokalen arteko elkarreragingarritasuna konpontzea eta ziurtatzea: teknikoa (informazioa trukatzeko protokoloak), estrukturala (formatuen itzulpena), semantikoa (kontzeptuen eta kodeen arteko korrelazio-mapa) eta pribatutasun eta segurtasunekoa. Esku-hartzea eta ebaluazioa egitean arriskuak saihesteko, kontingentzia-planak zehaztu dira. Orain, jardueren helburua da hiru ekoizpen-inguruneetan (Erresuma Batua, Suedia eta Euskadi) plataformak zabaltzen eta hedatzen amaitzea. Aurreikuspenen arabera, plataformak zabaldu ostean, esku-hartzeari emango zaio hasiera.

Euskadi, Osakidetzaren eta Kronikguneren bidez, zazpi Erakunde Sanitario Integratutan (ESI) zabaltzen ari da proiektu pilotua. Osakidetzak jada ezarri ditu plataforma informatikoak zabaltzeko behar diren elementu guztiak. Esku-hartzea martxan jartzeko behar diren antolaketa-alderdiak ere prest daude. Bestalde, Kronikgunek plan lokala prestatu eta gauzatu du, baita hiru eskualde pilotuetan parte hartuko dutenen prestakuntzarako materialak ere.

Datozen hilabeteetan C3-Cloud sistema ekoizpen-inguruneetan zabaldu, probatu eta berretsiko dela aurreikusi da. Elkarreragingarritasuna egokia dela egiaztatu ondoren, eta parte-hartzaileak trebatutakoan, hiru eskualdeetan jarriko da martxan proiektu pilotua.

Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, egin klik hemen (https://www.kronikgune.org/c3cloud) edo sartu webgune ofizial berrian (http://c3-cloud.eu/).