Biosistemak eta Osasun Saileko Uribe-Kosta Eskualdeak “Erandio mugitzen ari da” proiektua abiarazi dute

Ekimena Health4EUKids Europako proiektuaren parte da, ingurune osasungarriak sortuz haurren obesitatea prebenitzen duena.

Erandio mugitzen ari da!” proiektua Erandion gauzatzen ari da, Europako Health4EUKids programaren barruan, Europako Osasun Agentzia Exekutibo eta Digitalak (HaDEA) finantzatuta. Biosistemak erakundeak eta Osasun Saileko Uribe-Kostako Osasun Publikoko Eskualdeak koordinatzen dute pilotaje hori Euskadin, haurren gehiegizko pisua eta obesitatea prebenitzeko eta bizimodu osasungarriak sustatzeko.

Herritar guztiei zuzenduta dago proiektua, eta, bereziki, 4 eta 12 urte bitarteko haurrei. Herritarren parte-hartzean oinarritzen da, ingurune fisiko eta sozial osasungarriak sortzeko, gizarte-kohesioa bultzatzeko eta pertsonak ahalduntzeko. Hori guztia ekitatearen eta desberdintasunen murrizketaren ikuspegitik.

Era berean, ostiral honetan, otsailaren 7a, osasunaren aldeko festa handi bat ospatuko da Erandioko Merkatu Zaharrean, ekimen hau eta egiten ari diren jarduerak ezagutarazteko eta herritarrak udalerrian ingurune osasungarrien sustapenean aktiboki parte hartzera gonbidatzeko.

Lan komunitario integralaren eredua

“Erandio mugitzen ari da!” Eusko Jaurlaritzak osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko dituen osasun-politikekin bat dator, pertsonen eta komunitateen erantzunkidetasuna eta parte-hartze aktiboa txertatuz. 2023-2030 Osasun Planak Osasun Sailaren konpromisoa jasotzen du ingurune osasungarri, jasangarri eta erresilienteak sortzeko eta garatzeko, bai eta herritarrek osasun publikoan parte har dezaten sustatzeko ere, hori baita Euskadiko Osasun Publikoari buruzko 13/2023 Legearen ardatz nagusietako bat.

Proiektuak partaidetza-ikuspegi komunitarioa hartu du, tokiko funtsezko eragileak (udala, elkarteak, gizarte-erakundeak), familiak, ikastetxeak eta osasun-zerbitzuak inplikatuz beharrak identifikatzeko, ekintzak lehenesteko eta Erandion ohitura osasungarriak sustatzen dituzten esku-hartzeak planifikatzeko.

Komunitate osoarentzako jaia

Otsailaren 7an antolatutako jaia proiektuaren une nabarmenetako bat izango da. Ekitaldiak ingurune osasungarrietan jarriko du arreta, tokiko elkarteek eta funtsezko eragileek antolatutako jarduera interaktiboen bidez.

Platea eta Merkatu Zaharreko aretoak espazio dinamiko bihurtuko dira, non familiek, haurrek eta interesa duen edonork jarduera fisiko, kultural eta sozialetan parte hartu ahal izango duten. Gainera:

  • Egindako diagnostiko komunitarioan lortutako emaitzak partekatuko dira.
  • Aurreko dinamiketan herritarrek planteatutako proposamenak aurkeztuko dira.
  • Parte hartzeko jarduerak antolatuko dira, proiektuaren esparruan ezarriko diren ekintzak lehenesteko.

Biosistemak ekimenetik herritar guztiak gonbidatzen ditugu jai-jardunaldi honetan parte hartzera. Erandioko eta Euskadi osoko haurrentzat etorkizun osasuntsuagoa lortzeko urrats garrantzitsua da.