Bartzelona aukeratu da europar proiektuaren jarraipen bilera berria burutzeko urriaren 2an eta 3an.

ACT@Scale proiektua 2016an hasi zen eta bukaerara heltzear dago, 2019ko otsailerako aurreikusita. Partzuergoa, 13 europar kidek osatuta, lanean aritu da hobekuntza-arloak hauteman eta aztertzeko, eta Arreta Integratuaren eta Telemonitorizazioaren jardunbide egokien zabalpena erraztuko duten ekintza zehatzak inplementatzeko, metodologia kolaboratzailearen bitartez. Azken xedea gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen heriotza-tasa murriztea eta bizi-kalitatea hobetzea da.

Kronikgune eta Osakidetza dira Euskadiren ordezkariak proiektu honetan. Tokiko mailan Osakidetzaren bi programa korporatibo hobetzeko lan egiten ari da: gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta integratuko ibilbidea eta bihotzeko gutxiegitasuna duten gaixoen telemonitorizaziorako zerbitzua. Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako, Gorliz Ospitaleko, Santa Marina Ospitaleko, eta Osakidetzako Osasun Aholkua eta Zerbitzu Zentraletako kudeatzaile eta osasun-profesionalek osatutako diziplina anitzeko taldeek hilabeteak daramatzate lan honetan. Etengabeko hobekuntza zikloetan oinarritzen den metodologia kolaboratzailearen bitartez, (ingelesez PDSA deritzo: Plan, Do, Study, Act), bi programak mailaka zabaltzen ari dira Osakidetzako erakunde guztietara.

Programak bigarren hobekuntza ziklora heldu dira eta Bartzelonan egin den 6. eta azken batzar honetan eskualde pilotuetan (Katalunia, Groningen, Eskozia, Hego Danimarka, Kinzigtal Alemanian eta Euskadi) egin diren aurrerapenak aurkeztu dira. Eskualdeek programen inplementazioan eta zabalpenean izan dituzten esperientziak partekatu dituzte. Metodologiaren, emaitzen eta datuen ustiapenaren inguruko gaiak eztabaidatu dira, eta baita proiektuaren lorpenak eta ikaskuntza ezagutzera eman dezaketen azken txostenen lantzearen ingurukoak ere.

Kronikgunek eta Osakidetzak Euskadi eta Katalunian zerbitzuak hautatzeko egindako lana aurkeztu dute. Helburua baliabide sanitarioen banaketa egokia lortzea da, halaber, gaixoen eta biztanleriaren behar aldakorrei erantzutea. Helburu hau lortu den aztertzeko, Kronikgunek bi eskualdeetan ezarritako ekintzen eragina aztertuko du ezaugarrien araberako gaixoen estratifikazioaren, beharren araberako zerbitzuen egokitzapenaren, arreta pertsonalizatuko planen gauzapenaren eta profesionalen esku-hartzearen arloetan.

Bestalde, batzordean zehar, Kronikgunek europar kideen pertzepzioa aztertu du proiektua hasi zenetik kudeaketa eta aurrerapenari dagokionez. Orokorrean, emaitzak positiboak izan dira.

Proiektua hobe ezagutu nahi baduzu, bisita ezazu webgune ofiziala edo egin klik hemen.