Edonork eskura dezake proiektuaren webgune ofizialean.

Eskuliburuan (Handbook), ikerketak iraun duen hiru urteetan izandako esperientzia eta emaitza guztiak biltzen dira. Arreta integratuko eta telemonitorizazioko jardunbide egokiei buruzko ikerketan parte hartu duten lurraldeen ezagutzak eta esperientziak ezagutarazi nahi ditu dokumentuak. Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, adin aurreratukoei, hauskorrei edo gaixotasun mentalak dituztenei zuzendutako jardunbide egokiak dira. Eskuliburuak Europa osoan eta Europatik kanpo ezagutzak transferitzen laguntzea du helburu.

Handbook horretan, zehatz-mehatz deskribatzen da proiektu europarrean parte hartu duten lurraldeek zer lan egin duten metodologia kolaboratiboaren bidez (ingelesez, “PDSA–Plan, Do, Study, Act”) jardunbide berritzaileak garatzeko, finkatzeko eta ezagutarazteko. Halaber, lurraldeek Europako biztanleen alde egin duten ahalegina erakusten da, eta jardunbide egokiak ezagutaraztean funtsezkotzat jo diren faktoreei buruz hartutako ezagutzak biltzen dira. Faktore hauek dira: Zerbitzuen hautaketa; Interes-taldeen eta aldaketaren kudeaketa; Jasangarritasuna eta negozio-ereduak; Gaixoen edo oro har herritarren ahalduntzea. Proiektuaren harira ezagutarazi eta ezarri diren programa onenei buruzko informazio-orriak ere biltzen ditu.

Bestalde, Euskadik Osakidetzaren bi programa korporatibo hobetzeko diziplinarteko zenbat taldek egin duten lana erakusten du: gaixotasun anitzeko gaixoentzako arreta integratuko ibilbidea eta bihotzeko gutxiegitasuna duten gaixoak telemonitorizatzeko zerbitzua. Erakunde Sanitario Integratu (ESI) guztietako, Gorliz Ospitaleko, Santa Marina Ospitaleko, eta Osakidetzako Osasun Aholkua eta Zerbitzu Zentraletako kudeatzaile eta osasun-profesionalak aritu dira zeregin horretan, hainbat hilabetez. Aurten bi programak Osakidetzaren erakunde guztietara zabaltzea espero da.

ACT@Scale proiektuaren lurraldeek eta, bereziki, Euskadik egindako lana eta izandako esperientziak ezagutu nahi badituzu, deskargatu eskuliburua, esteka honetan klik eginda: https://www.act-at-scale.eu/wp-content/uploads/2019/03/ACT@Scale_Handbook.pdf